,sudu
Andima Ibiñagabeitia
(1906-1967)
PAKO SUDUPE
Gizon miresgarria izan da. Guztien gainetik euskal literatura
nola maite izan duen gertatzen zait miragarrien.
Gerraurrean sortu zitzaion grina, eta goritu egin
zuen su hori gerraostean. Teknika eta makinaren nagusigoaren aroan euskal kulturaren balioari menderatua bizi
izan zen erabat. Txillardegik 1970ean beste hizkuntza batzuen
pizkundeen argitan aztertzen zuen euskararen arazoa;
Suomi, Txekoslobakia eta Israel jotzen zituen bereziki
eredugarritzat guretzat, eta horietarik ondorioak ateratzen.
Bat honakoa zen:
Gaur, eta orain dela hogei bat urte gauza bera, gure lan
nagusia nazio-kultura, eta hizkuntza bereziki, zabaltzekoa
da. Politika abstraktoak eta atzerriko sasi-politikeria, aldiz,
egin behar ez duguna da hain zuzen. Gaurko egunak etxe-
barneko ereintza-egunak dira; eta ez inportazio-aroak1.
Hiru urte lehenago Caracasen zendu zen Andimak bere
biziko lantegiaren laburgarri ezin egokiagotzat joko zituzkeen
hitzok eskierki.
Euskaraz gutxi argitaratzen zen garaian bizi izan zen;
irakurle gogotsu samarrak ateratzen zen guztia irakur zezakeen
garaian baldin eta eskuratzerik bazuen -idazle aldi
guztia erbestean-. Zernahi ateratzen zela honi ez bada
hari eskatuko zion, Alfontso Irigoieni ez bazen Nemesio
Etxanizi edo Jon Miranderi -eragozpen gaitzak gaindituz-,
luze baino lehen irakurriko zuen eta ardurenik aipamen
bizkorgarriren bat egingo zion Euzko Gogoa aldizkarirako.
Zinez gozatu egiten zuen euskal bazka nekez eskuetaratua
dastatzen zuen aldi oro. Erdaraz ari ziren euskotarrak
astintzen zituenean aberriaren aldeko lantegi ozpinezkoan
ariko zen, baina euskarazko idatziak ez zituen jasaten;
aitzitik, pozbide eta gozabide zitzaizkion.
Hortik ez da segitzen alabaina literatur ahogozorik ez
zuenik; ahozuria zen estetikoki. Oraintxe Jokin Zaitegiren
olerkiak dastatu eta irudi txanbelinen bat bereiziko zigun:
Besoak gora zitun
lotzeko mototsa
pozaren pozez daukat
gainezka biotza;
iduri zun neskatxak
urontzi arrotza;
ene amets-kabian
dut zorion-otsa.
Olerkioi buruzko kanpo zertzelada jakingarriak tolestatuko
zizkigun irizgai zituen idaztien egilea hurbil-hurbiletik
ezagutzen zuen seinale, orobat nabaritzen zizkion kutsu
eta eraginen berri ere emango zigun. Hurrengo arrasatearrak
Sofoklesen antzerkiak euskaratu zituela-eta Grezia
txikiaren handitasuna goretsiko zigun, lurrez urri bezain
adimenez aberats izan ziren grekoen gogo harmonia laudatuz,
eta halaber Zaitegiren itzultzaile esku trebea.
Aipagai zuenarenganako onginahi kutsagarriz, euskal
literaturak berpizkundeko ezein literaturak bezala munduko
idatzi onenen itzulpen egokiak behar dituela gogoraziko
zigun, ordurako burutuak ziren euskarapenen izenburuak
aletzeaz bat, etxe ondoko baratze meharreko loreekin
etsitzen zuen etxezulo buru-ximurra ez zela erakutsiz.
Hurrengoan Orixeren Urte Guziko Meza-Bezperak-etik
gorazarreak, himnoak joko zizkigun begiz. Esku antzetsuz
galdetuko digu irakurleoi ez ote duten zenbait gorazarrek
elizkoitasun, atsegintasun eta egokitasunean irabazi latinetik
euskarara bihurtzean, adibidetarako besteak beste
ondokoa bereiziz:
Jam toto subitus
vesper eat polo,
Et sol attonitum
praecipitet diem,
Dum saevae recolo
ludibrium necis,
Divinamque catastrophem.
Doala zerutik iges atsaldea.
Eguzkiak buka dezala eguna
lotsaz, Jainkoaren heriotze latza
guk oroitu bitartean
Gisa honetako baieztapenetan euskal literatura aldeztu
beharrak zenbat eragiten zion neurtzea ez da samurra,
baina irakurlea erakartze eta gogatze bidean jartzen zuen
edo ez egiaztatzeko Andima irakurtzera gonbidatzen zaitut,
irakurle!
Salbatore Mitxelenaren Ama-semeak Arantzazu´ko kon dairan
iruzkintzean, lehenbizi egileari loreak eskainiko dizkio,
olerkari iaioaren edeslari dohainak nabarmentzeaz bat
olerkariak edeslariari lagundu egiten ziola aditzera emanez;
izan ere, edeslariak gertakari nagusiaren inguruko
gehiegizko xehetasunak ematearen arriskua du, eta S. Mitxelena
ez da horretan jausi. Egileak asmatu duela emango
digu aditzera Arantzazuko Amarengana sentitu duen maitasun
gartsua kondairari itsasten, eta horretarako idazkera
berebizikoaz baliatu dela euskal literatura osoa, hizkelgi
guztietan, hausnartua eta barneratua duela erakutsiz. Honek
bide emanik, ordea, euskaldunok batasunerako horixe
dugula beharrenik jaulkitzen digu, hots, euskalki guztiak
ongi ezagutu eta barrentzea.
Alde batera urrundu egiten da irizgai duenetik, beste
aldera taxu berezia ezartzen dio liburuen aipamen lanari,
idazten duen garairako baieztapen ez berriak baina bai beharrezkoak eta artean askok onartzeke zituztenak eginez.
Buruenik ez zaio ahantziko irizgai duen idatzian gogokoen
izan dituen atalak bereiztea irakurle ohartia zela frogatuz.
Kritika burukoia maite duenak eztiegi aurkituko du,
kanpo zertzeladetara emanegi, barreiatuegia eta kritika
formalagoaren eskasian; hala ere askok eta askok nago
atseginez irakurriko dutela oro har. Andimak ongi ezagutzen
ditu begi aurrean dituen idatziak eta hauen egileak,
bihotz isuriz idazten du usuenik, eta bihotz berotasuna
txertatu nahiz. Irakurriago eta jabetzenago zara euskal literatura, euskal kultura badela zerbait, zapalkuntza politiko
alimalekoak ez duela suntsitu, merezi duela hain aberri
txikiaren aldeko ahaleginean pulunpatzea; Greziak ere ez
al zuen bada kultura berebizikoa eraiki jendez urri izanagatik!
Mundu-ikuskeraz eta sentimenez hurbileko zituen
Zaitegi, Orixe eta Salbatore Mitxelenaren idatziak ez ezik
Jon Mirande eta Txillardegi bezalako idazleenak ere onginahi
bertsuz hartzen ditu. Mirandek argitara ezein idatziri
nekez egin ziezaiokeen inolako iruzkinik, baina bai honek
argitara asmo zituen olerkiak zirela aitzakia elkarrizketarik,
eta halaxe egin zion. Hark munduko literaturaz zuen ezagutza
zabalari, olerkaritzan nola metrikaz hala gaiz bide
berriak urratzeko zuen grinari, eta guztiz ere bere barnea
sentimenez nahiz gogamenez zen bezala idatzietan agertzeko
ausardiari guztiz goragarri zeritzon Andimak. Lauaxetaren
bizia eta lana aiputan hartzean ere honen europazaletasuna
eta berrizaletasuna goresten zituen; zer froga
gehiago behar dugu Andima literaturan berrizale eta europazalea
genuela baieztatzeko.
Txillardegiren Leturiaren Egunkari Ezkutua aipatzean
oraingotasuna eta idazleak mamiak eta giharrak idatzian
hustu izana nabarmentzen zituen.
Inor gutxi bezala izan da irekia eta askotariko loreak
dastatzera emana, nolabaiteko liliak barne. Nondik zetorkion
hain maite zuen literaturaren ezagutza, batez ere euskal
literaturarena, eta nondik bestelako ikusmoldeko euskal
idazleenganako jarrera abegikorra?
Iberiako penintsulako literaturak eta Europako nagusienak
Aita Estefaniaren eskutik ikasi zituzten Andimak,
Zaitegik eta gainerako ikaskideek. Aita Olabidek itsatsi
zien Loiolako Santutegian euskal idazle zahar eta garaikideenganako
maitasuna, eta barne borroka ere Loiolako jesuiten
ikastetxean sortu zitzaion.
Gauza hauek ez dira oinazturak jota bezala gauetik
goizera gertatzen direnak baina jazoerak merezi du kontatzea.
Itxura dagoenez Andimaren amak sartu zuen Ami
vasco liburua, Evangelista de Ibero nafar kaputxinoak burutu
liburua non Sabino Aranak zabaldutako dotrina jeltzalea ikasbide gisa biltzen den. Liburu hau bere jaioterri
Elantxobeko eskola umeei irakasteagatik sartu zuten Andimaren aita Galo Ibiñagabeitia Gernikako espetxean, eta
han itsatsi zitzaion gaitzetik hil zen. Zaitegik esan bide
zion Andimari seme batek irakurri beharra zuela bere aita
espetxera eraman zuen liburua, eta halaxe egin bide zuten
Loiola inguruko mendixka batean.
Harrezkero honako edo gisako gogoetek egin zuten
habia Andimaren buru-errotan: gu euskotarrak gara ordea,
Jainkoak euskaldun egin gaitu baina, aberri hizkuntza ez
dugu gaztelania. Euskal herrietan predikatzeko ez ezik aberriari
eta aberri hizkuntzari gorde behar diogun atxikimenduagatik
arreta bereziz landu beharreko elea euskara dugu,
eta ez gaztelania. Latina, mundu osoko kristau herriaren
elea lantzea gisa da, baina horretaz gain nork bere endari
dagokiona delako landu beharrekoa euskara dugu eta ez
gaztelania.
Familia sabintzaleak, abertzale nahiz erlijio giroko
jaioterriak tira egiten zioten erlijiotzara bezainbat euskalgintzara.
Zaitegik, Lauaxetak, Palgida (Plazido) Mugikak,
Iñaki Goenagak, Argaratek, Larrañagak, Sarobek, Korta
anaiek Patxi eta Pelik, Sagastumek eta, hots, jesuitagai euskaltzaleek
Elerti Bazkuna eratu zuten 1920ko hamarraldian
Loiolan, eta batik bat itzulpenei ekin zieten, klasiko unibertsalen
euskarapenei. Beharturik zeuden erdal alea ehotzera,
baina euren borondatez euskal alea eho eta irin etekintsu
bilakatu nahi zuten. Loiolan buru zuten errektore
Aita Bianchi donostiar erregezaleak ez zien erraztasun
handirik emanen; honek garai hartako beste jesuita askok
bezala Espainiako erregearenganako atxikimendu gartsua
erlijioaren erpinarekin lotzen zuen, eta aldi berean bizkaitarrismoa,
euskal abertzaletasuna, politikarekin.
Loiolan eta beste jesuita ikastetxe zenbaitetan euskararekin
maiteminduriko direlako jesuitagaiok nekez eta lanarteetan
-maitasun eta gartsutasun handiz ere bai- buruturiko
lan zenbait Espainiako II. Errepublikako aldi laburrean
aterako dira argitara, eta beste zenbait gerrak eta gerra
ondorenak suntsituko ditu. Andimak dio jesuita garaian
elerti bazkunetan landutako gauza dezente zuela bere Deustuko etxean baina sutea gertatu eta erre egin zitzaizkiola.
Gerrak eta gerraondoak begiak ireki eta are tematuago
zituen jesuita hezierako euskaltzaleok? Zaitegi eta Andimaren
kasuan esan liteke baietz, baiezko honi egin beharreko
ñabardurak eginez gero.
Idatzi honen buruan esan dut miresgarria gertatzen
zaidala Andima, eta miresgarrien euskal literatura apal bezain
arbuiatu eta zangopilatuari erakutsi dion maitasuna
dela bide, maitasun kutsagarria, poetikoa laburzurrean
adieraztearren. Baina baditu beste zer batzuk ere mira egitekoak.
Meza eman baino lehentxeago atera zen jesuitetatik,
1935ean, seguraski jesuita izatea eta euskal aberrigintza bateraezin
jotzen zituelako. Espainiako 1936ko gerrak Port ugalgo
Trafarian harrapatu zuen dinamita lantegian beharrean. II. mundu gerra garaian Jose Antonio Agirrek lortu
zuen hitzarmenen bat estatubatuarrekin, eta besteak beste
Andimari luzatu zion gonbita informazio zerbitzuetan lan
egiteko. Honek onartu eta Deustura itzuli zen agindutako
egitekoa betetzera, noiz eta 1943 inguruan gerraostea alde
deitoragarri guztietarik gorienik zenean. Lau urte espioitzan
igaro zituen; besteak beste, Don Juan de Borbónen aldeko
monarkiazale gailenenekin solasaldiak izan zituen Francoren
erregimena suntsitzeko bideen peskizan. 1947an polizia
Deustuko etxera joan eta erbesteratu beharrean gertatu zen,
Parisen Eusko Jaurlaritzaren gerizpean kokatu zela.
Informazio zerbitzuetan jarraitu zuen beste lauzpa-bost
urtez. Parisen zela Jokin Zaitegi, Guatemalan, Euzko
Gogoa aldizkaria euskara hutsez argiratzen hasi zen, eta
Andima lankide finenetakoa izan zuen. Laster ezagutu
zuen Jon Mirande, eta Txomin Peillen, Peli Irizar, Krutwig
eta abar. Ezaguna da Andimak bultzatu zituela euskal letretan
famatu diren bi zuberotarrak euskaraz idaztera. Jesuitetan
elerti bazkunak bezala Frantziako hiriburuan literato-
idazle bilerak sustatzen eta antolatzen jardun zuen lagunartean
dostatzeko ez ezik lanerako elkar berotzeko.
Han ez zuela burubide onik ohartu zela, Guatemalara
egin zuen Zaitegiren ondora, urte t´erdi inguruz Euzko Gogoa-ren erredakzioaz arduratuz, eta azkenik Caracasera.
Han zela eman zituen argitara Euskadiz zituen iritzi politikoak.
Gorago egindako galderara etorriz berriz ere: irekitasuna,
aniztasun eta gizatalde ezberdineko Euskadi maite
izatearena esperientzia hauetatik guztietatik bereganatu al
zuen?, eta galderari luzakintxo bat erantsiz, noraino iristen
zen delako irekitasun eta aniztasun gogo horretan?
Behin baino gehiagotan goretsi izan duena han eta
hemen Grezian lorturiko harmonia eta zentzumen nahiz
sentimenen gogo oreka neurritsua da. Zaitegiren idatziak
iruzkintzean goraipatzen du estreinako aldiz 1947an;
1953an ostera, zenbait abertzale izenekok Gernika aldizkaria
desagertarazi izanak guztiz sumindurik zutela, eta hanhemenka
beste zenbaitetan ere bai. Delako harmonia lortzeko
noraezeko jotzen zuen bestelako ikusmoldeko euskaldunak
adeitsuki onartzea. Ez zigun Euskadi euskaldun homogeneo
oro-berdinik opa. Atseginez ikusiko zuen euskal
kabareta Parisen eta halaber Euskadi askatuan ere. Euzko
Gogoa aldizkaria euskararen uhartetzat iruditaratzen zuen,
era guztietako gizakiei irekitako portua zuela.
Gorago aipatu iritzi politikoei dagokienez Galizia, Katalunia,
Bretainia eta herri txiki oinperatu independentziazaleen
batasun eta elkartasunetik ikusten zuen etorkizuna
Euskadirentzat, ez diktaduraren kontra zeuden alderdi
politiko espainiarrekin bat egitetik Eusko Alderdi Jeltzaleak
ikusten zuen bezala. Pentsamendu eta ekintza aldetik
autonomia handiaren jabe zela frogatuz, iritzion alde propaganda
egiteko beste adiskide bat lagun zuela Irrintzi aldizkaria
argiratu zuen Caracasen bizpahiru urtez.
Indargintzari zegokiola, gudaroste barik Euskadik ez
zuela burujabetasunik lortuko irizten zion. Gazte abertzaleei
honako burubidea eskaintzen zien: Euskadi askatzeko
gogo eta borondate ezin suntsituzkoa oroz lehen, euskaldun
bizi eta iraun nahia guztien gainetik, eta honetaz gain
beste zenbait puntu, esate baterako, Franco hil arte polizia
espainiarrik hil ez baina haiei buruzko argibideak jasotzearen
premia -berak espioitza garaian burutu lana-; era
guztietara prestatu beharra -arma eta guzti uler bedi-
hartara Franco hil ondoan aginteaz jabetu eta agintariek
egin bidegabekeriak epai bidez juzgatu ahal izateko, erregimen
bidegabean izandako erantzukizunen arabera bakoitzari
zegokion ordaina ezarriz eta betearaziz. Agian borroka
armatua onetsi ezinak eraman zuen proposamena egitera,
baina hori erabakitzea da gutxienekoa, kontua da
errealitatean gerrak eta ondoko diktadura luzeak eragindako
bidegabekeriak kitatzeko justizia egitea eta erregimen
hausturaren ideiak zakur amets gertatu zirela Franco hil
ondoan ere.
Bera bizi zen Caracasen ez zen arazo nazionalik. Herrialde
hari politika aldetik kristau demokrazia opa zion.
Andimak Parisen hurbil-hurbiletik ezagutu zuen existentzialismoa.
Sart re, Heidegger, Marcel eta abar, berak
dioenez, irakurri zituen, baina funtsean filosofia kristauari
eutsi zion. Ez zuen zeruan ezerez mugagaberik sumatu ez
eta lur azpian leize izugarririk edo behinik behin horrek ez
zuen zinez asaldatu. Heriotzak ez zuen larritzen; greziar
pentsalari famaturen bat ahotan hartuz heriotza eta bizia
kate bakar baten bi mutur noraezeko eta osagarritzat jotzen
zituen eta haren aurrean onarpenezko jarrera narea
zuen erakusten.
Euskal Herriaren herioak bai izugarri estutzen zuen.
Jon Etxaidek ziotsan Jainkoak txertatu ziola bihotzean
euskaltzaletasuna; berak, ordea, nahimen eta sakrifizio
anitzen ondorio zuela erantzuten zion. Parisen existentzialismoa
boladan eta puri-purian zegoenean ekin zion
euskalgintza azkarrari: kazetari lanak, saiakera laburrak, latinetiko
itzulpenak; hainbat eta hainbat euskaraz idaztera
sustatzeari, azken buruan errealitate euskalduna sortzeari.
Badakigu gerra aurretik zekarrela euskal grina, baina existentzialismoak
aldarrikatzen zituen gizakiaren esentzia ez
baizik existentziaren egia, praxia eta errealitatea sortu beharrak
hain gora handia hartzeak ez ote zion erasan, eta
lehenaz gain horretara adoretu?
Existentzialismoak norbanakoa hartzen zuenean aiputan
lagunartean gizaki egiten den norbanakoaz ari zen;
banakoaren erantzukizuna aipatzen zuelarik horrek gizadi
osoan zuen eragina eta oihartzuna hartzen zituen ahotan.
Zer esan Andima eta gizarte auziaz? Komunismoa faxismoa
bezainbat gorroto zuen. Hau askotariko arrazoiz hastio
zuen: jesuita garaitik ideologia tarteko; espioitza garaitik
bere ustetan komunistek salaturik jausi zirelako polizien
erasopean; eta besteak beste Caracasen Fidel Castrozaleek
telefonoz-eta gonbidatzen zituztelako botoa eure i
ematera. Ezker berria ere uste izatekoa da ez zuela gogokoa
-ez dakit zenbateraino ezagutu zuen, seguraski ezer gutxi-
Hego Euskalerrian joera ezkertiarrak ernatzen hasiak
zirenean Caracasetik kristau demokrazia goretsi zuenean.
Honek ez du esan nahi eskuindar muturrekoa zenik, eta
sozialdemokrazia moduren bat onartzen ez zuenik. Bai
esan nahi du ez zuela gizarte auzietan aldaketa premiarik,
funtsezko ekintzen beharrik sumatu edo bultzatu.
Azken urteetan, atzeraturik eskuratzen zituen euskal
idatzi berriak irakurtzeaz gain, Bonaparte printzeak aurreko
mendean argitara euskal liburuak irakurtzen ematen zituen
aisialdiak -Jainkoarekikoak egitearren euskara gozatzeaz
bat?-, eta latinetik euskarara bihurtzen, euskal Sisifo
berriei Euskadi askatzeko borrokan euskararen noraezekotasuna
gogorazten zien bitartean.
Zinez maite izan zuen euskal kultura, euskal literatura.
Irekitasun eta aniztasunaren aldezle irmoa izan genuen,
Euskadi askatu euskalduna gizaki aske eta askotarikoz
osatua biziro maite izan zuena; eta bazterturiko sosak
nahiz lanarte gehientsuenak horien alde eman zituen.
1. Txillardegi: Euskal Herritik Erdal Herrietara, 1978, Amorebieta, 490
or.