1976an hasi nintzen
Katalogo hau osatzen. 1936an Francoren altxamenduak ekarri zuen etenalditik
honako fitxa bibliografikoak landu nahi nituen, emaitza bibliografikoa soziologikoki
aztertu ahal izateko. Euskal Idazleak Gaur (1977) liburuan eman nuen lehen
liburu bilduma. Geroztik, urtero-urtero Jakin aldizkariko orrietan
eman ditut urteko fitxa bibliografikoak, azterketa batez lagunduta. Gaur arte.
Artean, 1993an, gorpuzten da proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura
Departamentuak aspalditik nekarren asmoa betetzeko aukera eman zidan, alegia,
hogeigarren mende osoko liburuen datu-basea jendearen eskura uztea modu eraginkor
eta erraz batean. Harrez gero Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak
lagundu dit ekonomikoki langintza honetan.
Horrela, 1993an argitaratu zen XX. Mendeko Euskal Liburuen Katalogoa (1900-1992)
liburu mardula. Hiru liburuki gehiago izan dira segidan, hogeigarren mendeari
dagozkion ehun urteak osatu arte. Lau liburutan, hortaz, hogeigarren mendeko
liburuak oro bildu dira paperean. Hemen bildu ditugun berak.
Katalogo hau ez dago guztiz neure eskuz egina. Zordun natzaie, batez ere gerraurrekoari
dagokionez, EEBS (Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa) proiekturako
UZEIk landuriko inbentarioari eta Jon Bilbaoren Eusko Bibliographiari. Liburu
biziari dagokionez euskal argitaletxeek ere asko lagundu naute. Koldo Mitxelenan
eta Donostiako Udal Liburutegian ere laguntza paregabea aurkitu dut.
Katalogo honek, bai helburuan, bai diseinuan, praktikoa eta funtzionala izan
nahi du. Irizpide nagusi honen argitan hartu dira hainbat erabaki, grafia
kontutan bereziki.
Joan Mari Torrealdai