Asteartea, 2024ko apirilak 16
Gora joan
Menua

Jakin Taldeko lau kideei harrera egin die Gipuzkoako Aldundiak, egindako lana eskertzeko

2014-05-08

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai hartu ditu Martin Garitano diputatu nagusiak eta Aldundiaren esker ona adierazi die euskal kulturaren alde Jakinen bitartez egindako lanarengatik. Garitanoz gain, Ikerne Badiola Kultura, Kirol eta Gazteria diputatua, Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendaria ere izan dira harrera ekitaldian.

Garitanok adierazi du “gure kultura eta pentsamendua ez genituzkeela ezagutuko gaur ezagutzen ditugun moduan, Jakin aldizkariaren ekarpenik gabe”. Hain zuzen, Jakin taldeko lau kideen obra osoaren digitalizazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin du abian Jakinek. Eta, dagoeneko, Joxe Azurmendiren obra osoa digitalizatua eta eskura dago hemen. Jakin Taldea 1991n hasi zen euskal kulturgileen obra digitalizatzen, eta geroztik Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante eta Resurrección Maria Azkueren obra digitalizatu du, lehen biena Gipuzkoako Aldundiaren laguntzari esker.

Aldundi Nagusiak gaineratu du “euskaldunok zorretan gelditzen garela Joxe Azurmendirekin eta Jakin aldizkariaren itsasontzia XXI. mendearen porturaino ekarri duten gainerako langile saiatuekin”, eta “Aldundiaren esker oneko ekitaldi apal honen aukera” baliatu du “zor handi horren zati txiki bat kitatzeko”.