Gure gaiak
Jakin Taldeko lau kideei harrera egin die Gipuzkoako
Aldundiak, egindako lana eskertzeko

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai hartu ditu Martin Garitano diputatu nagusiak eta Aldundiaren esker ona adierazi die euskal kulturaren alde Jakinen bitartez egindako lanarengatik. Garitanoz gain, Ikerne Badiola Kultura, Kirol eta Gazteria diputatua, Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendaria ere izan dira harrera ekitaldian.

Garitanok adierazi du “gure kultura eta pentsamendua ez genituzkeela ezagutuko gaur ezagutzen ditugun moduan, Jakin aldizkariaren ekarpenik gabe”. Hain zuzen, Jakin taldeko lau kideen obra osoaren digitalizazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin du abian Jakinek. Eta, dagoeneko, Joxe Azurmendiren obra osoa digitalizatua eta eskura dago hemen. Jakin Taldea 1991n hasi zen euskal kulturgileen obra digitalizatzen, eta geroztik Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante eta Resurrección Maria Azkueren obra digitalizatu du, lehen biena Gipuzkoako Aldundiaren laguntzari esker.

Joan Mari Torrealdaik Aldundiaren ezagutza eta laguntza eskertu ditu, eta nabarmendu du euskal kulturako egile eta eragileen lanak edonoren eskura jartzeak “sekulako mesedea egiten diotela memoriaren bereskurapenari eta kulturaren normalizazio eta transmisioari”.

Aldundi Nagusiak gaineratu du “euskaldunok zorretan gelditzen garela Joxe Azurmendirekin eta Jakin aldizkariaren itsasontzia XXI. mendearen porturaino ekarri duten gainerako langile saiatuekin”, eta “Aldundiaren esker oneko ekitaldi apal honen aukera” baliatu du “zor handi horren zati txiki bat kitatzeko”.

Arimak, balio etikoak: zientzia, filosofia eta erlijioaren arteko talka

Jakin Irakurgaiak 45:
Arimak eta balioak liburuaren aurkezpena

Agustin Arrieta Urtizberearen Arimak eta balioak liburua (Jakin Irakurgaiak 45) aurkeztu berri du Jakinek Koldo Mitxelena Kulturunean.
Jende askoren ikuspegian, arimek eta balio etikoek izaera berezia dute, eta zientziak eta filosofiak ez lukete zeregin handirik kontu horiek jorratzerakoan. Erlijioak, aldiz, erantzunak ematen zituen eta ematen ditu, baina erantzun horiek askotan talka egiten dute gainerako gauzei buruzko ikuskera naturalarekin. Zentzu horretan, liburu hau arimak eta balio etikoak modu natural batean ulertzeko saialdi bat da.

Bideoa kargatzen...

Arimak eta balioak liburuaren aurkezpena
(Koldo Mitxelena Kulturunea, 2014-03-12).
Xabier Eizagirre (Jakin) eta Agustin Arrieta Urtizberea.

Jakintzaren sarea josten

Jakin aldi berri bat urratzera dator 2014 honetan. Aurten 58 urte beteko dira Arantzazun lehen zenbakiak argia ikusi zuela; 45 hiritartu, modernotu eta arnasberritu zela; eta 37 Joan Mari Torrealdai buru duen taldeak etenik gabe zuzendu eta gidatu duela. Aurtengoa ere aldaketa urtea izango da: batetik, 200. zenbakiarekin batera aldizkaria itxuraldatuta eta kolorez jantzita datorrelako; bestetik, sareko atari hau bera goitik behera berritua eta osatua aurkezten zaigulako, eta, azkenik, egitura aldatu eta Jakin fundazio bihurtu delako.

Papera eta sarea batera. Aldizkariak itxura berria hartu du, kolorez jantzi da, eta horrekin batera malguago eta modernoagoa ageri da. Gainera, paperezko aldizkariak eta aldizkari digitalak, biek, aldi berean ikusiko dute argia, hementxe bertan duzun 200. zenbakitik aurrera, eta urrats honekin irakurleentzat irisgarriagoa eta irakurgarriagoa suertatuko da.

Ataria: gaurkotasuna eta memoria. Bestela ezin eta, webgunea ere goitik behera berritua dator. Jakinek jakintzaren sarea josten jarraitu nahi du eta horretarako atari hau gune bizi izatea nahi du, eta gaurkotasuna elikatzeko asmoa du. Horretaz gainera, Jakinen ondare guzti-guztia klik batera du irakurleak. Horretarako, orri honen beraren buruan duzun bilatzaile indartsu bat abiarazi da, eta horrek azken hirurogei urteetan euskalgintzan eta kulturgintzan jazo den eta idatzi denaren inguruko bilduma aberats eta oparoa arakatu eta ustiatzeko aukera ematen du. Atari honek Jakinek argitaratutako aldizkari guztiak eta liburuak biltzen ditu; Liburuaren Behatokia atalak euskal liburuen 50.000 fitxa bibliografiko ditu kontsultagai, eta Memoria sailak, berriz, XX. mendeko euskal kultur eragileen lekukotasun eta lana eskaintzen ditu.

Ondarea herriaren esku. Fundazio egitura hartuko du hemendik aurrera Jakinek. Horren helburua ondare material eta ezmaterial osoa euskal kulturaren zerbitzurako uztea da.

Talde berria gidaritzan. Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdaik osatzen dute Jakineko talde historikoa. Azken 37 urteetan euren lanetik eta eskutik bizi izan da Jakin proiektua. Orain errelebua emateko garaia dela pentsatuta, talde berri baten esku utziko dute Jakinen gidaritza maiatzetik aurrera.

Harpidedunak Jakinkide. Hau guztia aurrera eramateko, Jakinek proiektuan sinetsiko duten lagunak behar ditu, egitasmoa sostengatu eta babestuko duen jendea, Jakinkideak, alegia. Orain arteko harpidedunak Jakinkideak izango dira hemendik aurrera, eta eskaintza berezi eta zabala jasoko dute egitasmoa babesteagatik.

Zer berri
Joxe Azurmendiren argitalpen guztiak
MEMORIA

Joxe Azurmendiren argitalpen guztiak eskura Memoria atalean.

Irakurri +

'Historia bizia': audioak
MEMORIA

Historia bizia saileko solasaldien audioak entzungai Memoria atalean.

Piarres Xarriton, Juan San Martin, Ander Manterola, Joseba Intxausti, Jean Haritxelhar eta Ramon Labaieni Imanol Murua Uriak egindako elkarrizketak.

Irakurri +

Diruz lagundua:

JAKINBERRI S.L.

Tolosa hiribidea 103 - 1C

20018 DONOSTIA

943 218 092

jakin@jakingunea.com